3. Eranskina. Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseiluaren bileraren aktaren laburpena (2013ko martxoaren 15a)
Askotariko familien gaineko azterlanari egindako ekarpenak, lankidetzan
Helburu honi begirako lana bi momentutan egituratzen da: lehenengoak familiaren eredu desberdinei buruzko hausnarketa bati heltzen dio, bai eta pertsona talde hori familia dela zehazten duten elementuei buruzkoari ere; bigarrenak, familietan atzemandako zailtasunik edota premiarik handienen gainean hausnartzen du, bai eta beharrizan horiek estaltzeko proposamenen gainean ere.
Familia-ereduei gagozkiolarik, ekarpenak honako hauexek izan dira:
Seme-alabak dituzten bi helduen familiak: mota honetako familia ugari ezagutzen dituzte. Oso ohikoak bi seme edo alabekin, bai eta (haien ustetan gero eta ugariagoak) seme edo alaba bakarrarekin ere. Familia ugariak ere ohikoak izaten dira, baina ez hainbeste. Aitak, amak, semeak, alabak eta maskotak osatutako familia filmetan irudikatzen da eta horixe da gogotik ateratzen zaigun lehendabizikoa familia baten gainean pentsatzen dugunean, baina errealitatea konplexu, askotariko eta aberatsagoa da.
Bi gizon homosexualek adoptatutako alaba batekin osatutako familia bat. Bikote homosexualak ezagutzen dituzte, baina ez seme-alabekin.
Guraso bakarreko familiak: Guraso bakarrekoak izan daitezke, banatu direlako edo alargun geratu direlako, baina, era berean, semea edo alaba bakarrik izatea hautatu dutelako. Bi familia-mota horiek ezagutzen dituzte.
Sendiaren beste kide batzuekin bizi diren familiak, eskuarki aitita-amamekin. Hori ohikoa izaten da, bereziki edadeko pertsonak bakarrik geratzen direnean eta norbaitek zaintzea beharrezko bihurtzen denean. Beste toki batzuetan (Angola) “familia” osatzen dute beste kide batzuek, esate baterako auzokideek, laguntza behar duten pertsonek, etab.
Gizonezko heldu batek eta ama gazte batek osatutako familiak. Seme edo alaba bakarra dute. Halako gero eta familia gehiago ikusten dituzte, adin-alde handia duten familiak, hain zuzen ere.
Familia berrosatuak. Ohiko familia izaten da eta askotariko harremanak sorrarazten ditu, bai seme-alaben eta gurasoen bikotekide berrien artean bai bikotekide bakoitzak dituen seme-alaben artean ere.
Elkarrekin bizi diren “familia-unitate batzuk”. Ohikoagoa izaten da beste toki batzuetan, esate baterako Kuban; hemen ez da hainbeste ikusten.
Familia bat familia izan dadin, bat datoz lotura maitasuna dela, odol-loturak baino gehiago. Bizitza-proiektu bat dago elkarrekin; etorkizuna elkarrekin eraikitzeko nahia.
“Mailen” aldeak ikusten dira hartu-eman horietan eta familiarekiko loturetan. Etxe berean bizi den familia dago; horixe da gehien margotu dena, baina familia zabalago baten existentzia ere hartzen da aintzakotzat (aitita-amamak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak, bai eta oso hurbileko auzokideak ere); horiekin guztiekin ere oso lotura eta harreman estuak izaten dira sarri askotan.
Familiak poztasuna ematen du (horrexegatik agertzen dira aurpegi irribarretsuak margotutako marrazkietan); horrek ez du esan nahi haserrekuntzarik eta desadostasunik ez dagoenik. Oro har, familian lasaitasuna sentitzen da.
Sendiak segurtasuna, egonkortasuna, laguntza, artapena, gauza materialak, heziketa... ematen ditu. Familiak onena nahi du bere kideentzat.
Familien premiei eta beharrizanei dagokienez, honako hauek aurkitu ditugu:
1. Administrazioak eskain edo erraz ditzakeen gauzak:
Dirua, laguntza ekonomikoa, elikagaietarako laguntza, gaixotasunak sendatzeko laguntza, ikasketa-bekak (goi-hezkuntza bermatzea). Familia batzuek beste batzuek baino zailtasun handiagoak dituzte: Seme-alaba gehiago dituztenak, senideetariko bat gaixorik dutenak. Dirua garrantzitsua da, oinarrizkoena bermatzeko.
Lana, gustatu edo ez. Behar-beharrezkoa da dirua lortu ahal izateko.
Norbait izatea gidatuak izateko eta aholkuak emateko: informazioa, argibideak, orientazioa…
Bitarte edo zerbitzu publikoetarako eskuragarritasuna: osasuna, hezkuntza…
2. Gizarteari, komunitateari, gutariko guztioi honako ekarpenak egitea dagokigu:
Ordena. Baliabideak hobeto antolatzeko premia, muga ekonomikoak dituen garai honetan.
Denbora. Familiek denbora behar dute jarduera bakoitza aurrera eraman ahal izateko: lana, seme-alabak, bikotea… Denbora faltak eta familiarentzako dedikazioak banaketak eragin ditzake. Orain familiak ekonomikoki presionatuago daudenez gero, denbora gehiago erabiltzen dute lan egiteko eta denbora gutxiago familiarentzat. Dena egon daitezke estresaturik, bai gurasoak bai seme-alabak. Garrantzitsua da elkarrekin egoteko “kalitatezko” denbora.
Laguntza, elkarrenganako laguntza. Gauza materialez gain, familiek laguntza behar dute, bai barruan (etxeko zereginak partekatzea) bai kanpoan (elkartasun-sareak).
Begirunea, errespetatuak sentitzea. Familia batzuek, esate baterako homosexualek osatutakoek edo adoptatutako seme-alabek, oraindik ere zailtasunak dituzte onartuak izateko.
3. Biei:
Etxe egonkorra, segurua. Nolabaiteko etorkizun-bermeak behar dira, nolabaiteko segurtasuna eskaintzen duen ikuspegia.